2012-2013 ikasturteko Eskola Agenda

Ikasturte honetako ipuinak Gotzon Barandiaran Larrabetzuarrak sortu eta Bilboko Mixer estudioetan grabatu genituen. Ondorengo lerrootan irakurri eta entzun ditzazkezue.
Ipuinok Eskola Agenda datozen ordenean agertuko dira beheko lerroetan ere.
Ipuinekin batera, Angel Dominguez ilustratzaileak sortutako margolan zoragarriak dituzu, zuri beltzean atondutako artxiboetan deskargatu ditzakezu eta nahi erara margoztu.
Gozatu!!

Berba Jagoleak

by Gotzon Barandiaran | Zuztarretatik Ahora 2012/13 Eskola Agenda

Berba Jagoleak

Sutondo askotan jakina da, birigarroak satorrari eta kirikolatzari eman ziela galtzear zegoen animalien hizkuntza jagoteko ardura. Satorra basoko haretxik zaharrenaren zuztarretan ostondu zen bitartean, kirikolatza haizetza zein uriola itzelenei aurre egiteko eran kiribizkaldu zen. Biek ala biek, euren hizkuntza kanpoko erasoetatik babestea zuten helburu. Ostera, erabiltzen ez den hizkuntza, galdu egiten dela konturatu ziren satorra eta kirikolatza. Haretxik zaharrenaren zuztarretan edo norberaren barruan gordeta, hizkuntzak elkarregaz berba egiteko direla baliagarri, ez urregorriari legez begira-begira egoteko.

Halanda ze, satorra lurgainera itzuli zen, kirikolatza berriro mundura agertu zen egun berean. Euren hizkuntza hartan berbaz hasi ziren, berba eta berba, berba eta berba. Zazpi itsasoak zeharkatu zituzten isildu ere egin barik, harik eta mundu osoari bira eman ostean, Euskal Herrira itzuli ziren arte.

Urteetako bidaia luzearen nekearen porasuz, horrenbeste berba eginda, sama sikuak erasanda, Arrigorriagako Babetxeko iturburuan ase zuten egarria. Euren antzera uretan joandako bi emakume ezagutu zituzten bertan. Emakumeek ez zuten berbarik egiten. Keinuka ulertzen zuten elkar. Orduan, satorrak eta kirikolatzak euren hizkuntza erakustea ebatzi zuten. Egunero batzen ziren Babetxeko iturburuan bi emakumeakaz. Urte baten akabuan, bi emakumeek, keinu hizkuntza alboratuta, argi-argi berba egiten ikasi zuten.

Keinuka komunikatzen ziren ostantzekoei berbaz erakustera joan ziren arineketan bi emakumeak. Arakaldotik Arrankudiagara, handik Basaurira. Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes eta Zaratamoko guztiei erakutsi zieten berbaz. Ostera, erakusteagaz batera, honako agindua eman zieten:

Ez utzi egundo gure hizkuntza galtzen. Zuek zarete orain, gure berba-jagoleak.

Materiala deskargau

Hona hemen sortutako material ezberdina deskargatzeko aukera:

PDF-a MP3-a Margozteko ilustrazioa

Baserrietako urre pipitak

by Gotzon Barandiaran | Zuztarretatik Ahora 2012/13 Eskola Agenda

Baserrietako urre pipitak

Sentimendurik sakonenak, burutaziorik irudimentsuenak, berba gutxigaz konta litezke. Sutondoetan jakin badakite, kontalari trebea berba gutxi erabilita konpontzen dena dela. Arakaldo Bizkaiko herririk txikerrenetakoa bada ere, lurrik zabalenak dituen herriek besteko altxorrak ditu: berbak.

Arakaldoko berba-jagoleak, Elexalde, Isla, Eperretxe, Madariaga, Goikiri zein Etxe-zurikoak, auzolanean indabak garandu edo artajorrarako batzen ziren, nork bere kortako beharrak amaitu, buztarridiak gobernatu, aitzurrean egin edo behia jetzi ostean. 1520tik, Arakaldo sortu zenetik, urtero-urtero, urtaro bakoitzean baten, behinik behin, amuma-aititeei ikasitako berbak gogoratzen zituzten, jentilen, basajaunen, lamien eta mamarroen sasoietakoak.

Jatekoa baserritik zein aziendatik lortzea ezinezkoa bihurtu zenean, baserritar eta ganaduzainen ondorengoek idazle, kazetari, telebistako aurkezle, sukaldari edo futbolari izatea ebatzi zuten. Horregatik irakurtzen ditugu eskolako liburuetan arlo, jorratu, hausnartu, ildo eta antzeko berba zaharberrituak.

Materiala deskargau

Hona hemen sortutako material ezberdina deskargatzeko aukera:

PDF-a MP3-a Margozteko ilustrazioa

Bizipozerako kantukontuak

by Gotzon Barandiaran | Zuztarretatik Ahora 2012/13 Eskola Agenda

Bizipozerako kantukontuak

Otxandori igarota Arbide zubitik hurreratu ziren batzuk, Iberlanda gurutzatuta bestetzuk. Gaztaka, Landaberde zein Errotabarrietako burdinola eta errotakoak, artouruna eta galuruna morokiletarako prest utzita batu zitzaizkien Zollo, Basokoetxe, Gastakagoitia, Basokoetxe eta Uribarriko auzokideei. Arrankudiagako berba-jagoleen urteko lehenengo batzarra urteko hirugarren ilbeheraren bezperan burutzen zuten Elexalden. Txakolin zuri, baltz edo gorria egarria asetzeko; urdaia, txorizoa zein gaztaia tripazorriak baretzeko; arnike bedarra zauriak orbanduteko. Urteko lehen batzarra ospakizuna izaten zen berba-jagoleen artean, kanturako eta konturako aitzakia itzela.

Batek jotarako dantza-koplak kantatuko zituen:
Mendi altuan edurra (bis)
bota sutara egurra.
Alaba galanten amek
mutil zatarren bildurra (bis)

Besteak arin-arinerako:
Errementari baino
hoba da zesteru (bis)
lepo bete egurregaz
kolko bete diru.
Ai morena, kolko bete diru.
Errementari baino
hoba da zesteru.

Izan ere, berba-jagoleen zereginetako bat, menderik mende, ahorik aho, belaunaldiz belaunaldi, bizipozerako berdin damorrirako, gure kantukontuak egundo ez isiltzea zen.

Materiala deskargau

Hona hemen sortutako material ezberdina deskargatzeko aukera:

PDF-a MP3-a Margozteko ilustrazioa

Txindorraren izerdia

by Gotzon Barandiaran | Zuztarretatik Ahora 2012/13 Eskola Agenda

Txindorraren izerdia

Babetxeko iturburuan, iluntze aldera, uretan joandako neska-mutilak berriketan egoten ziren eguzki andrea amagana joan aurretik.

  • Hazelako sustua emon deustan Martintxuren soloko tentemozoak!
  • Zapi uger eta jaka zaharra dekon horrek?
  • Horrek berorrek!
  • Txuzo horrek txindorrak be ez ditu ikaratuten-eta! Zoakoz albora, begitu jakako ezkerreko poltsikoari.
  • Zer dauko ba?
  • Zer? Txori-habia galanta!

Inoren habian arrautzak uzten inor leberra bada, hori kukua dugu. Kukuak lotsa barik utziko dio txindor txikerrari arrautza habian honek berotu eta bere kumea balitz legez hazi dezan. Munduan asko dira inoren pentzura bizi direnak.

TXINDORRA
Txikia beti haundi gurian
ez da harritzeko gauzia
haundiari barriz gustatzen jako
txikia zapaldutia
Kukuari berri bere umiak
inon etxian haztia
jakin nahi neunke nok emon dautsan
hortako eskubidia.

KUKUA
Eskubidea norberak hartu
arpegi gogorra izan oso,
udarik uda lanari ihes
beti ibili eroso.
Beste txoriei geure beharra
dabela sinestu-erazo
hori egiten ez badok, ez dok
bururik egingo jaso.

Materiala deskargau

Hona hemen sortutako material ezberdina deskargatzeko aukera:

PDF-a MP3-a Margozteko ilustrazioa

Kilimauen ukendua

by Gotzon Barandiaran | Zuztarretatik Ahora 2012/13 Eskola Agenda

Kilimauen ukendua

Burdinak aberastu zuen Basauri. Berau lantzeko beharrezko sua ikatzagaz elikatzen zuten. Ikatz hondakinak batu eta merke saltzetik bizi ziren emakumeei eskarabilera zeritzen. Eskarabilera haretako baten ondorengoa den berba-jagole batek gorde duenez, eskarabilerek egunabarrean hasita ilunderaino ikatza lepoan hartuta, abarka zaharrak jantzita, tripak ikol, Basauri etxerik etxe, baserririk baserri igarotzen zuten suterako ikatza saltzen.

Andra haiek ez zioten euki lanari ezelango beldurrik. Beldurrik ezeri izatekotan, gauza bakarrari ei zioten: kilimauei. Egungo Artunduagako kiroldegian galapan jokatu gura duten gazteen entrenatzailea denak sarritan kontatzen duenez, umea zela, amamaren Kareagako baserrian, argia sutean baino ez zegoen sasoian, okerkeriaren bat egiten zuten bakoitzeko, aititak han, kilimauek, hasi dira kortako atea joten!! ikaratzen zituen. Halako batean, kilimauen beldurrez arineketan ostontzera zihoazela bihorkada itzela jasan zuen ezkerreko orkatilan.

Hainbeste handitu zitzaion orkatila baze amamak Arrigorriagako izeko bati deitu behar izan zion arin batean baserrira joan eta zaintiratua egin ziezaion umeari. Gaur egun txapeldunen entrenatzailea denak hain ondo gogoratzen ditu izekoaren zaintiratuak ze, bere ikasleetako batek bihorkadaren bat duenean, ukendu kimikoak barik sendabide zahar hura gomendatzen dio.

Materiala deskargau

Hona hemen sortutako material ezberdina deskargatzeko aukera:

PDF-a MP3-a Margozteko ilustrazioa

Aspaldian, gure herrian

by Gotzon Barandiaran | Zuztarretatik Ahora 2012/13 Eskola Agenda

Aspaldian, gure herrian

Altzaga, Ameztui, Andibatz, Arbolantxa, Azkarai, Bekoerreka, Errekatxarkoa, Gomezeneko erreka, Errekasolo eta Jaga. Sasoi batean herriak sortzeko atxakia ziren errekak, iturriak eta ura bera ikusgatx zaizkigu, ez dakigu dagozanik ere. Etxebarri Txiki aldizkaria baino lehenagoko denboretan Etxebarriri buruzkoak ahorik aho kontatzen ziren. Metacal fundiziora ofizioa ikasten bizikletan joaten ziren gure aititak.

Ordutik sano aldatu da herria. Fundiziora galdaragin, latorrigile zein limari ofizioak ikasten joaten ziren, gutxi kobratuta ere, ofizioa ondo ikasita beste fabrika batzuetan asko irabaziko zuten jakitun. Ez zioten utzi aldetxe edo baserrietan bizitzeari, ez zioten utzi ganadua gobernatzeari, ez zioten utzi soloko beharrari. Ostera, lan bi batera lar zenez, baserriko bizimodua gitxika-gitxika galdu egin zen.

Bizirik dagozan berba-jagole asko ditugu horren lekuko. Joan eta galdetu, galdetu zelangoa zen zure herria duela hirurogei urte. Galdetu zein diren Ajengastegi, Barrondonagusia, Batiz, Ibarralde, Etxezarreta, Etxatxu edo Kukullaga baserriak. Galdetu bertako alaba eta semeek zertan olgetan zuten, zer kantatzen zuten lagunartean, zelan ziren zoriontsu.

Materiala deskargau

Hona hemen sortutako material ezberdina deskargatzeko aukera:

PDF-a MP3-a Margozteko ilustrazioa

Sorginagaz zorretan

by Gotzon Barandiaran | Zuztarretatik Ahora 2012/13 Eskola Agenda

Sorginagaz zorretan

Torrezabal kultur etxeko liburutegian ondo gordeta dagoen historia liburu batek dioenez, Santxo izeneko jauntxoari, Galdakao sortu ei zuen beronek, jateko ustelduren batek pairamen galantak eragin zizkion. Egunak eman ei zituen mokadurik ahoratu ezinik, aieneka, biraoka. Erreskan-erreskan, inguruko jakintsu guztiak hurreratu ziren Santxorenera, zeinek sendabidea aurkituko Santxoren ondoezari. Batek ere ez zuen igarri, harik eta Txistulandako esnesaltzailea, astoa lagun, ate joka iritsi zen arte.

  • Mozoiloaren zaintzapean dagoan ume jaiobarriaren amaren esneak baino ez deutsuz oinazeok baretuko.
  • Zer dinozu sorginorrek! Mozoilo bat zaindari deukon amabarriaren esnea? Non topeko dot holangorik?
  • Aginduizu zure baleztaririk trebeena Gangureneko magaletan dagoan basora hurrungo ilbetean, egunak eta gabak bat egiten daben orduan. Bota dagiala gezia, begiak itxita, bihotzak agintzen deutson aldera. Hantxe topeko dozu amabarria umeari bularra emoten, mozoiloa zaindari dauala.

Eta Santxori argibideok emanda, lepoan jo eta alde egin zuen esnesaltzaileak. Egun bigarrenean agindu zuen Santxok bere baleztaririk iaioena basora amabarriaren esne bila. Ekarri zion baleztariak, etorri legez joan zitzaizkion oinazeak Santxori.

  • Oin, esnesaltzaile sorgin horregaz dekoten zorra kitatu beharko dot.
Materiala deskargau

Hona hemen sortutako material ezberdina deskargatzeko aukera:

PDF-a MP3-a Margozteko ilustrazioa

Orbelaren azpian

by Gotzon Barandiaran | Zuztarretatik Ahora 2012/13 Eskola Agenda

Orbelaren azpian

Aldabideko iturburuan, kantari dabil berba-jagole bat:

Orbelok airez airez
ipartxu gozoa,
landamen ederretik
doan errekea.

Atxuloko atean adi eta zur dagoen beste batek:

Hantxe topatu neban
Birjina andrea,
orraztuten ebala
buruko ulea.

Supelegorreko haitzulo barrutik hirugarrenak:

Ha ez zan ulea
ez bazan perlea,
ulondo bakotxeko
erion perlea.

Teileriko labean artourunegaz egindako taloa jateari utzita laugarrenak:

Beutso, Birjina andra
ulera zintea,
ehun erreal kosta jat
Madrilen kanea.

Sintzita eta Aldabide erreken urkulutik Atxurikolanda, Saukudi, Lastrabe eta Irukusigieta kirikiñausietaraino, kanpaizeak galderak hegaz daroaz:

Nor izango ete da
harexen ehulea?
Nor izango ete da haren joskilea?

Zuri zeuri dagokizu, berba-jagolea bazarenez, erantzunak topatzea.

Materiala deskargau

Hona hemen sortutako material ezberdina deskargatzeko aukera:

PDF-a MP3-a Margozteko ilustrazioa

Zaharrak barri, gu haren egarri

by Gotzon Barandiaran | Zuztarretatik Ahora 2012/13 Eskola Agenda

Zaharrak barri, gu haren egarri

Gure musika talderik aitatuenak ere berba-jagole ditugu. Aspalditik jagole genituen Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Pantxoa eta Peio, Lourdes Iriondo, edo Amaia Zubiriaren ostean, Berri Txarrak, Ken 7, Gatibu, Zea Mays, Esne Beltza, Lain edo Bizardunak taldekoak ere, gure berbak jagoten ari dira.

Zelan? Kanturako erabilita. Ruper Ordorikak, Joseba Tapiak eta Bixente Martinezek Hiru Truku zeritzon taldea osatu zuten bizkaierazko hainbat kantu zahar eguneratzeko. Migel Basterretxeak noiz eta 1685ean Eibarren kantatutako koplak batu zituen Antxon Narbaizak.

Hiru Truku taldekoek 13 koplari sortu zieten doinua. Horietako 2 kopletan entzun litezke:

San Kristobalgo seinaladuta meriendia formatu
San Kristobalez akordatuta Miraballesen juntadu.
Miraballesko Palazioak hobato dakiz kontuak,
ostera bere egingo dituz bakotxak bere kantuak.

Kantuaren izenburua Kontu barri bat dela aintzat hartuta, zer gertatu ote zen?

Materiala deskargau

Hona hemen sortutako material ezberdina deskargatzeko aukera:

PDF-a MP3-a Margozteko ilustrazioa

Bi lagun baino ez

by Gotzon Barandiaran | Zuztarretatik Ahora 2012/13 Eskola Agenda

Bi lagun baino ez

Untzurbeko karobian karea egin zuen azken zaratamoarrak kontatzen du, erreka bazterretan, iturburuetan, buruko ileak urrezko orraziakaz artzainen zain egoten ei zirela lamiak, ahate oinak eta emakume ederrenen gorputzak ei zituztenak. Gaur egun herriko plaza, jolastoki, eskola, denda, kiroldegi zein tabernetan, Arkotxan, Burbustun zein Moiordinen dagoz, seme-alabei honako esaerak erakusten: goazen apapa; apatxe egin; ume kiskila zer zara, baina!; horra banoa, joan!; Ederto, laztana!; joan eta esan izekoari tardantza emoteko.

Artzainak antzera entzungo dituzue seintxoei kantari:

Arre, arre mandako
bihar Urduñarako.
Handik zer ekarriko?
Zapata eta garriko.

edo

Txalopin txalo, txalo eta txalo
katutxua mizperu gainean dago.
Badago bego, bego badago.
Zapatatxu barrien begira dago.

Lamia eta artzaina, lamia eta lamia, artzaina eta artzaina, futbolaria eta idazlea, ahizpak, anai-arrebak, zinema izarra eta iturgina, andereñoa eta musikaria, ederra zein motza, bizkorra zein alperra. Bi lagun baino ez dira behar, berba-jagoleetara olgetako.

Esan gure berbak, esan, ez daiguzan ahaztu, ez daitezen galdu.

Materiala deskargau

Hona hemen sortutako material ezberdina deskargatzeko aukera:

PDF-a MP3-a Margozteko ilustrazioa